sábado, 17 de marzo de 2012

ipuina


HAU ZARATA!

Bazen behin, Oinatz izeneko ume bat Bilboko Sabino Arana kalean bizi zena, guraso eta Ura izeneko txakurtxo batekin.  5 urte zituen eta oso alaia zen, eskolan bere lagunekin  jolasten, abesten eta dantzatzen ematen zituen egunak eta horregatik gaua heltzen zenean ohera sartu eta segituan gelditzen zen lo.  Lo egitea maite zuen, izan ere, hurrengo egunerako indar gehiagorekin esnatzen zen.

Egunak joan eta egunak etorri uda heldu zen eta urtero bezala familia osoa oporretan joan zen Gironan zeukaten etxetxo batera. Bueltatu zirenean sekulakoa aurkitu zuten etxe aurrean:

-Baina, baina zer da hau?- Esan zuen amak harrituta.
- Ez da posible! Entzuten al duzue zarata hori?- aitak haserre.
- Ezin izango dugu lorik egin! Aiiiiiii!!-negarrez hasi zen Oinatz.

Oinatz, oso urduri, etxean sartu zen Ura bere txakurrarekin eta pijama jarri ondoren oheratu zen.  Ipuina entzun eta txakurra besarkatuz lo geratzeko ahaleginak egin zituen, baina alferrik; kotxeen, kamioien eta motorren zaratek ez zioten lo egiten utzi, ezta Urari ere.  Azkenean ia-ia eguzkia ateratzear zegoenean loak hartu zuten. Goizean neka-neka eginda eskolara joan zen eta bertan bere klase-kide eta andereñoari azaldu zien zein zen bere arazoa.

-Egun on guztioi!- agurtu zien Garazi andereñoak
-Egun on andereño!-esan zuten denek.
-Zer gertatzen zaizu Oinatz? Triste ikusten zaitut.-esan zuen andereñoak.
- Bai, oso nekatuta nago, ezin izan dut lorik egin eta! Nire etxe ondoan errepide bat jarri dute eta ezta Urak ezta nik ere, ezin izan dugu lorik egin!-esan zuen haurrak.

Berehala, beste ume batzuk ere kexa horri gehitu zitzaien eta haiek ere errepide berri horren zarata jasaten zutela kontatu zioten andereñoari. Andereñoa larritu egin zen eta arazo horri irtenbide bat bilatzen saiatu zen umeekin batera. Azkenik, Oinatzek ideia bat izan zuen:

-Badakit! Bilboko alkateari gutun bat bidaliko diogu!-esan zuen.
-Bai! Bai!-esan zuten guztiek.

Andereñoari oso ideia ona iruditu zitzaion eta horrela egin zuten, guztiek batera etxean gertatzen zitzaien guztia deskribatzen joan ziren andereñoak gutuna idazten zuen bitartean. Bukatu zutenean denak batera joan ziren idazkia postontzian sartzera.

Hurrengo astean irakaslea alai eta pozik heldu zen eskolara gutun bat zuela esku artean:

-Jesarri zaitezte denok! Begira, ekarrik dudan gutun hau Bilboko alkatearena da!- Oihu egin zuen andereñoak.
- Eta zer dio?- Galdetu zuen Oinatzek.

Andereñoak honela irakurri zuen:

Bilbon, 2012ko otsailaren 27a.
Garaziren klaseko umeei:

Bilboko alkatea nauzue, Iñaki Azkuna.  Zuen gutuna irakurri eta gero, egunak eta gauak eman ditut pentsatzen zuen arazoaren inguruan.  Egia da errepideek izugarrizko zarata sortzen dutela eta ezinezkoa izango dela  lo egitea.  Jakin behar duzue, errepide hori kentzea ez dela posiblea izango, ez dagoelako beste modurik kotxeak Bilbotik mugitzeko, baina kontsultatu ostean irtenbide bat emateko gai naiz:  zuen etxeko leiho guztiak kendu eta kristal bikoitza dutenak jarriko dizkizuegu.  Ez hori bakarrik, errepideetako zarata etxeetan sartzen uzten ez duten panelak jarriko ditugu. Hemendik aurrera zuen familia eta etxeko animalien erosotasuna eta lasaitasuna ziurtatzen dizuet.

Bilboko alkatea
Iñaki Azkuna Urreta
 
-Iufi!- hasi ziren ume guztiak.- Hemendik aurrera pozik eta alai egoten hasiko gara, beti egon garen moduan!

Eta horrela izan zen.  Alkateak esandakoa bete zuen eta handik aurrera Oinatz, bere familia, Ura eta bere klaseko ume guztiek ere, errepidea eraiki aurreko alaitasuna berreskuratu zuten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario